25_0573 Euskal Poliziak areagotu egingo ditu gidatzerakoan gertatzen diren distrakzioak zaintzeko kontrolak

Euskal Poliziak areagotu egingo ditu gidatzerakoan gertatzen diren distrakzioak zaintzeko kontrolak

Servicio de prensa

2025-08-31

Zaintza irailaren 1etik 5era bitartean indartuko da. 2024an erregistratutako trafiko-istripuen %29,54an, gidatzeko arreta galtzea izan zen arrazoi nagusietako bat

Ertzaintzak, udaltzaingoekin elkarlanean, gidatzean arreta galtzea eragozteko kontrolak indartuko ditu; kontrolak irailaren 1etik 5era bitartean egingo dira Euskadiko errepide-sarean. 2024an erregistratutako trafiko-istripuen %29,54an gidatzean arreta galtzea izan zen arrazoi nagusietako bat, abiadura desegokiaren edo alkohol-kontsumoaren gainetik.

Arreta galtzearen arrazoi nagusietako batek telefono mugikorrekin du zerikusia. Gidatzen ari garen bitartean telefonoa eskuan eramateak, mugimenduan egon edo ez egon, 6 puntu galtzea ekarriko du; eta ibilgailua semaforo batean edo pilaketa batean geldi egonda ere bai, zirkulatzen ari dela ulertzen baita.

Bestalde, zirkulatzen ari garenean telefono mugikorra manipulatzeak, dispositiboa euskarri batean edo antzeko zerbaitetan badago, hau da, eskuarekin ukitzen ez bada ere, hiru puntu kentzea ekarriko du. Era berean, debekatuta dago gidatzen den bitartean entzungailuak soinu-irakurgailuetara konektatuta izatea, radar-detektagailuak aktibatuta izatea edo Internet, telebista, bideo edo DVD hargailuak manipulatzea ere. Arau-hauste horiek 200 euroko isuna eta gidabaimeneko hiru puntu galtzea ekar dezakete.

Eusko Jaurlaritzatik gomendatzen da mugikorrean “auto modua” edo “hegazkin modua” aktibatzea, eta ibilgailua aparkatuta dagoenean bakarrik erabiltzea. Bestalde, komenigarria da irratia edo musika zuzenean bolantetik manipulatzea, eta GPSn ibilbidea autoa abian jarri aurretik programatzea, inoiz ez bidaian zehar.

Arreta-galtzeen ondorioz sarrien gertatzen diren istripuak errepidetik ateratzea, aurrez aurreko talkak, aurreko autoa jotzea edo norbait harrapatzea dira. Hori guztia saihesteko egiten dira era honetako kanpainak, eta trafikoa eta garraioa zaintzeko eta kontrolatzeko urte osorako programatutako 32 kanpainen egutegiaren barruan egiten dira.